- Pabilioietako bi, bat industriarako izango dena eta bestea hirugarren sektorerako, Azpilurrek kudeatuko ditu eta beste biak, industriarako direnak, herriko Udalari emango zaizkio, aurretik sinatutako hitzarmenaren arabera.
Azpilur Euskadi S.AM.P. erakundeak amaitutzat eman ditu Ormaiztegiko Irai-Errotan lau pabilioi berri eraikitzeko lanak. Jarduketa 19. Sektoreko Plan Partzialean aurreikusitako eraikuntza aprobetxamenduetan oinarrituta egin da, eta 3 lurzatitan garatu da. Lurzatietako baten 1.307 m2ko azalera duen pabilioia eraiki da, hiru proiektu independentetan bana daitekeena, industria sektorerako izango dena eta Azpilurrek kudeatuko duena.
Beste lurzati batean erabilera industrialeko bi pabiloi eraiki dira, 400 m2 eta 300 m2-koak eta Ormaiztegiko Udalari emango zaizkio, onartutako hirigintza-hitzarmenaren arabera, Udalari zegokion aprobetxamendu garbiaren ordainketa gisa.
Hirugarren lurzatian azkenik, 400 m2-ko partzelan eraiki da laugarren pabilioia, 1.200 m2-ko eraikigarritasuna duena eta hirugarren sektorekotzat sailkatua dagoena. Azpilur Euskadiren esku geratuko da ta honek enpresen eskura jarriko ditu espazio desberdinak, alokairuan zein salmentan. Eraikin honen beheko solairua merkataritza edo ostalaritza gune handi bat hartzeko modukoa da eta goiko bi solairu bulegoetarako.
Azpilur Euskadik 2024.urtean abiarazi zuen pabilioi berri hauek eraikitzeko proiektua obraren lizitazioarekin eta urte horretako abenduan hasi ziren lanak, 2026.urtean amaitu direnak 2,6 milioi euroko inbertsioa egin ostean.
Jarduketa honekin Azpilurrek amaitutzat eman du Irai-Errota poligonoaren garapena, eta, horren ondorioz, Azpilurrek arestian aipatutako pabilioiez gain, 40 mila metro koadro baino gehiagoko industria-partzela bat du, gaur egun merkaturatze-fasean dagoena.