18 M€ baino gehiagoko inbertsioarekin, ekipamendu berri honek ekosistema berritzaile bat bultzatuko du enpresen, ezagutza- eta ikerketa-zentroen artean, Euskadin ibilgailu elektrikoaren industria berria, autonomoa eta jasangarria sustatzeko.
Azpilur Euskadik Automobilgintzarako Fabrikazio Aurreratuko Zentroa (BAM) hartuko duen egoitzaren eraikuntza-lanak amaitu ditu, Jundizeko industrialdean, Gasteizen. Eraikuntza-lanak 2024ko maiatzaren 31n hasi ziren, eta ekainean amaitu dira, 18 milioi euro baino gehiagoko inbertsioaren ondoren.
Industria-gunea 24.104 m2-ko azalera duen partzela baten gainean eraiki da, eta bi mailatan antolatutako banaketa teknikoa du:
- Beheko solairua: 10.295 m2-ko azalera du, fabrikazio eta ikerketa aurreraturako lan-eremu nagusia bertan ezartzeko. Gune honek kalitate eta ikusmen artifiziala, automatizazioa eta robotika, kontrol eta kudeaketa logistikoa, eta ibilgailuen ekoizpena eta industrializazioa hartuko ditu.
- Lehen solairua: 3.643m2-ko espazioa du, eta bertan kokatuko dira jarduera nagusiari laguntzeko arlo teknologikoak eta teknikoak, hala nola jasangarritasuna eta efizientzia energetikoa, berrikuntza, zaintza teknologikoa, eraldaketa eta proiektuen kudeaketa. Maila honetan ezarriko dira, halaber, bulego korporatibo eta administratiboak, ekitaldietarako edo prestakuntzarako gelak, eta zerbitzu amankomunen instalazioak.
Diseinu arkitektonikoak egitura modularreko tipologia bat planteatzen du, zentroaren malgutasun operatibo handiena bermatzeko pentsatua. Zehazki, konfigurazio honi esker, ibilgailu astunek eta kamioiek sarbide zuzena eta segurua izango dute barrutira, eta, aldi berean, oinezkoentzako pasabide independente bat jarriko da administrazio-gunerantz, atari handi baten eta altuera bikoitzean eraikitako metalezko pasabide baten bidez.
BIM diseinua eta garapena
Azpilurrek kudeatzen dituen eraikuntza proiektuen ohiko ildoan, BAM proiektuaren diseinuak BIM-Building Information Modeling metodologia digitala erabili du proiektua gauzatzeko.
Eredu honek informazio-iturri bakar batean zentralizatzen du BAM Zentroaren proiektua fase guztietan, eta aukera ematen du diseinua bistaratzeko eta optimizatzeko, baita erabakiak hartzeko prozesua arintzeko ere, dokumentu guztiak, neurketak, proiektu teknikoa, planoak eta 3D grafikoak integratzen baititu. Gainera, lan-fluxuen alderdi zehatzak hartzen ditu bere baitan, hala nola obren hasiera, bilakaera eta amaiera, ekipoa, aurrekontua, proiektuaren ikuspegi integrala izateko helburuarekin.
Ekosistema berritzailea
Estatu mailan automobilgintzako fabrikazio aurreratuaren erreferente den BAM Zentroa Gasteizen ezartzea, lankidetza publiko-pribatuko erronka estrategiko berri gisa finkatu da. Ekimen honek ekosistema berritzaile bat sortuko du enpresen, ezagutza- eta ikerketa-zentroen artean, Euskadin ibilgailu elektrikoaren industria berria, autonomoa eta jasangarria sustatzeko.