BOISA, AZPILUR Euskadi Taldeko sozietate publikoak 4,74 milioi euroko inbertsioarekin sustatzen du jarduketa hau, ingurunearen berrantolaketa eta ia 6.000 m²-ko industria-pabiloi baten eraikuntza barne hartzen dituena.
Bidasoa Oarsoko Industrialdea, S.A. (BOISA) Azpilur Euskadi Taldean integratutako sozietate publikoak hasiera eman die Irungo Errotazar-Cycobask lursailaren ingurua urbanizatzeko eta industria-eraikin berri bat eraikitzeko lanei. Proiektuak 4.740.229,17 euroko aurrekontua du, 20 hilabeteko gauzatze-epea aurreikusten da, eta ERROTAZAR aldi baterako enpresa-elkarteari (ABEE) esleitu zaio; azken hau Construcciones Zubieder, S.L. eta Construcciones Mariezcurrena, S.L. enpresek osatzen dute.
Egitasmoaren helburua lursail hori eta bere ingurunea urbanizatzea da, bi jarduketa nagusiren bidez: perimetroko bide-sarea berrantolatzea eta industria-eraikin berri bat eraikitzea, hirigintza-antolamenduak baimendutako gehieneko okupaziora egokitutako lursail pribatu baten barnean.
Ildo honetan, 2025ean diseinatutako eraikuntza-proiektuak 5.898,00 m2-ko azalera hartuko duen industria-pabiloi berri bat aurreikusten du. Lanek eraikina inguratzen duen kanpoko eremu pribatua konpontzea eta zolatzea ere barne hartzen dute, 3.385,80 m2-ko hedadurarekin; horrela, BOISAren jabetzakoa izaten jarraitzen duen 9.283,80 m2-ko lursail pribatuaren azalera osoa beteko da.
Bide beretik, ingurunean hiru jarduketa zehazten dituen lurzoru publikoko urbanizazio-proiektua garatu da: lursailaren barneko bide-sarea lehendik dagoen biribilgunearekin lotzea, lursailaren iparraldean kokatutako aparkaleku berrirako ibilgailu arinen sarbidea berrurbanizatzea eta hego-ekialdeko frontea irekitzea egungo horma kenduz eta lurra egokituz, eraikin-fronte berrian zehar ikusgaitasuna eta irisgarritasuna hobetzeko asmoz.
Esku-hartze honen bidez, 11.281,88 m2-ko lurzorua berreskuratuko da. Bertan egon zen 1994tik Cycobask S.A. enpresa, zirkuitu inprimatuak fabrikatzen zituena, 2011n ekoizpena eten zuen arte. Hainbat urtez abandonatuta eta industria-jarduerarik gabe egon ondoren, pabiloi zaharra zaharkituta geratu zen, eta, bizitza baliagarria amaitutakoan, eraitsi egin behar izan zuten.
Hori dela eta, BOISAk lursaila erosi zuen, erabilera industrial berrietarako berroneratzeko helburuarekin. Horretarako, “Cycobask-eko Hiri Antolamendurako Plan Berezia. Bentak (Irun)” sustatu zuen, lursailaren antolamendu berria ezartzen duena eta aurreikusitako erabilerekin bat etorriz garatzea ahalbidetzen duena.
Jarduera hau euskal administrazio publikoak bultzatutako industria-lurzorua berreskuratzeko estrategiaren barruan kokatzen da.
BOISAri buruz: Bidasoa Oarsoko Industrialdea, S.A. (BOISA) AZPILUR Euskadik, Oarsoaldeak, Irungo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak partekatutako baltzu publikoa da. Bidasoa-Oarsoaldea eskualdean garatzen du bere jarduera, industria-lurzorua sustatuz, lursailak urbanizatuz eta jarduera ekonomikoetarako guneak eraikiz.