- EAEko Administrazio Orokorraren eta haren mendeko erakundeen bitarteko propio bihurtuta, Azpilur Euskadik azpiegituren garapenarekin lotutako enkarguak jasoko ditu haiengandik.
2025.urtean hasitako prozesuak joan den asteartean izan zuen amaiera, Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak Azpilur Euskadi S.A.M.P. erakundearen behin betiko estatutuak onartzerakoan. Horrenbestez Sprilur erakunde publikoa hemendik aurrera Azpilur Euskadi izango da, Jaurlaritzaren bitarteko propio eta zerbitzu teknikoa bihurtuta.
Interes publikoko azpiegiturak, ekipamenduak eta zerbitzuak sustatzearekin, gauzatzearekin eta kudeatzearekin zerikusia duten jarduerak garatzea du helburu Azpilurrek. Bitarteko propio bezala, azpiegitura publikoak garatzeko enkarguak jaso ahal izango ditu Eusko Jaurlaritzatik zein bere menpeko erakundeetatik.
Azpilurrek (lehen Sprilur) arlo honetan duen eskarmentuari esker eraikuntza lanetarako lizitazio, esleipen eta jarraipen prozedurak homogeneizatzea lortuko da, prozeduron eraginkortasuna hobetzeko helburuarekin eta enkargatutako proiektuak gauzatzeko epeak laburtzea bilatuz.
Azpilur Euskadi S.A.M.P. Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailari atxikitako erakunde publikoa da, Sprilurren tokia eta funtzioak hartu dituena, azken hamarkadetan Sprilurrek egindakoari, hau da Euskadiko lurzoru industrialaren kudeaketari betebehar berri bat gehituz.