- Lurrak Azpilurri eskualdatzeak instalazioak egokitzeko lanak hasteko aukera emango du, etorkizuneko akuikultura-proiektuak hartzeko; bitartean, kanpoko dikea sendotzeko lanek aurrera jarraituko dute.
- “Garrantzi handiko urratsa da: bi urteko lanaren emaitza da eta akuikulturan inbertsio berriei atea irekitzen die”, nabarmendu du Amaia Barredo sailburuak.
Eusko Jaurlaritzak urrats erabakigarria eman du Lemoizko zentral zaharraren berreskurapenean, lurrak Azpilurri (lehen Sprilur) eskualdatzea onartuta. Horri esker, instalazioak egokitzeko proiektua desblokeatu da, etorkizunean akuikultura-proiektuak hartzeko.
Bestalde, Azpilur Euskadik 2025aren amaieran kanpoko dikea konpontzeko lanak esleitu zituen, ia 2,5 milioi euroko aurrekontuarekin. Lanak dagoeneko hasi dira eta 10 hilabete inguruko iraupena aurreikusita dago. Jarduketen artean, kanpoko ezponda indartzea dago: kalteak dituen dike-zatiko 200 metroetan 45 tonako dentsitate handiko hormigoizko 415 bloke jarriko dira. Gainerako 100 metroek jatorrizko egitura mantentzen dute, kareharrizko blokeekin egina.
Lan horiek ondorengo jarduketen aurreko urratsa dira; izan ere, espazioa akuikultura-proiektuak instalatzeko egokitzeko aukera emango dute. Dagoeneko 8 enpresek agertu dute proiektuan inbertitzeko interesa, Estatuak lurrak EAEri eskualdatzean ezarritako klausulekin bat etorriz; klausula horiek espazioa jarduera mota honetarako soilik erreserbatzen dute.
“Urteetako blokeoa amaitu eta dikea sendotzeko eta zentrala akuikulturan inbertsioak erakartzeko prestatzeko funtsezko lanak hasteko aukera ematen du aurrerapauso honek, jarduera guztiak zorroztasunez eta segurtasunez egiten direla bermatuta”, azpimarratu du Amaia Barredo sailburuak.
Lemoizko berreskuratze-proiektuak, beraz, egiturazko segurtasuna, ingurumen-egokitzapena eta garapen ekonomikoa uztartzen ditu. Horrela, Lemoizko Udalak Ingurumen Berreskurapenerako Planari buruz egindako eskakizunak betetzen dira, eta jarduketa guztiak modu objektibo eta arduratsuan gauzatzen direla bermatzen da, etorkizuneko inbertsioen bideragarritasuna arriskuan jarri gabe.