AZPILURren ordezkari gisa, sozietate publikoak euskararen erabilera sustatzeko lan egingo du Nabalaldea industrialdeko enpresen artean, eta lehen aldiz parte hartu du BOKALE topaketan.
Bidasoa Oarsoko Industrialdea, S. A. (BOISA) AZPILURren ordezkari gisa batu da Pasaiako Portuko Euskara Batzordera. Organo honen bidez, sozietateak Nabalaldea industrialdeko (Pasaia) enpresen artean euskararen erabilera sustatzeko eta enpresa-eremuan euskararen presentzia areagotzeko dauden tresnak ezagutarazteko lan egingo du.
Testuinguru honetan, BOISAk lehen aldiz BOKALE topaketan parte hartu du. Foro honek Pasaiako Udala eta euskararen alde lan egiten duten tokiko eragileak biltzen ditu, arlo honetan garatutako ekimenak partekatzeko.
Topaketaren laugarren edizioa atzo egin zen Pasai San Pedroko udal-aretoan, eta aukera eman zuen azken urtean sektoreko lan-taldeetan gauzatutako ekimenak partekatzeko.
Jardunaldian, Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak justizia soziolinguistikoari buruzko hitzaldia eskaini zuen. Horrez gain, euskararen alde egindako lanagatik nabarmendu diren Pasaiako herritarrak omendu ziren. Topaketari amaiera emateko, “Pizgailua” obraren irakurketa dramatizatua egin zuten Amaia Irazabal aktore, sortzaile eta idazleak eta Oier Gillan idazle, poeta eta dramaturgoak.
Nabalaldean euskararen erabilera sustatzea
Batzordearen helburuekin bat, Bidasoa Oarsoko Industrialdeak Nabalaldea industrialdeko enpresekin banakako bilerak egin zituen goizean zehar, Pasaiako Portuko Euskara Batzordearen lana ezagutarazteko eta instalazioetan zein eguneroko jardunean euskararen erabilera sustatzeko dauden aukerak aurkezteko.
Hamar langile baino gehiago dituzten enpresa ertain eta handiek euskararen egoeraren diagnostikoa egiteko eta ekintza-plan bat prestatzeko aukera izango dute. Enpresa txikien kasuan, berriz, aholkularitza eta dirulaguntzak eskainiko dira euskararen presentzia sustatzeko.
BOISAri buruz
Bidasoa Oarsoko Industrialdea, S.A. (BOISA) sozietate publikoa da, AZPILUR Euskadik, Oarsoaldeak, Irungo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak parte hartzen dutena. Bidasoa-Oarsoaldea eskualdean jarduten du, industria-lurzoruaren sustapena, partzelen urbanizazioa eta jarduera ekonomikoetarako espazioen eraikuntza bultzatuz.
19 enpresa biltzen dituen Nabalaldea Bidasoa Oarsoko Industrialdeak eskualdean kudeatzen dituen industrialdeetako bat da. Gainerakoak Araso, Arretxe-Ugalde, Hiframasa eta Gabiria dira, laurak Irunen, eta Errenteriako Masti-Loidi eta Txirrita Maleo.