10 milioi eurotik gorako inbertsio metatuarekin, garbiketa industrialeko eta eraispeneko lanen amaierak 56.000 m² inguru jarduera ekonomiko berrietarako prestatzea ahalbidetu du.
ArcelorMittalen Zumarragako instalazio zaharren industria-berreskurapenerako lanen lehen fasea amaitu da instalazioak desegin, garbiketa industrialeko eta hondakinak kudeatzeko jarduketak burutu eta konplexuko hainbat eraikin eraitsi ondoren. Esku-hartze horiek, AZPILURrek 2022tik sustatutako lanak osatzen dituzte, gutxi gora behera 100.000 m²-ko azalera duen industria-eremuan 56.000 m² inguru berreskuratu eta erabilera berrietarako egokitzeko.
Jarduera horien helburua da erabili gabe geratu ziren industria-guneak berreskuratzea eta jarduera berriak garatzeko egokitzea. Oro har, instalazioak erosteko eta egindako egokitzapen-lanetarako 10 milioi eurotik gorako inbertsio metatua egin da.
Urrian bukatutako fase honetan, instalazioak desegiteko, garbiketa industrialeko eta hondakinak kudeatzeko lanak laminazio-nabe zaharretan eta hozte-urak arazteko instalazioetan egin dira, eta eremu horiei lotutako elementuak kendu dira, ingurumena berreskuratzeko.
Bestalde, eraispen-lanek aldagelei, bulegoei eta bost nabe handiri eragin diete, guztira 10.600 m²-tik gorako azalera eraikia hartzen dutenak. Eraispen horiek, egungo zimenduak, zolatak eta lurpeko galeriak mantenduz egin dira, instalazio zaharretarako aurreikusitako antolamenduarekin bat etorriz.
Gainera, eraispen prozesuan ateratako materialek beste erabilera bat izango dute lursailean bertan. Zehazki, 2.040 m³ hormigoi eta 950 m³ adreilu berrerabiliko dira kutsadurarik gabeko hobiak betetzeko. Jarduera honek eraispenean sortutako hondakinak balorizatzea eta instalazio zaharrak berreskuratzeko prozesuaren barruan materialei bigarren erabilgarritasuna ematea ahalbidetu du.
Lau urteko prozesua
Gune honen berreskurapena 2022ko maiatzaren 16an hasi zen, AZPILURrek ArcelorMittal Olaberriari instalazioak erosi zizkionean. Une horretatik aurrera, hirigintza-plangintza abian jarri zen Zumarraga, Urretxu eta Legazpiko udalekin elkarlanean, eta prozesua 2024ko ekainean amaitu zen, Hiri Antolamenduko Plan Berezia behin betiko onartu zenean.
Prozesu honetan, 2024an industria-nabe zaharretako bat egokitu izanak ahalbidetu zuen 6.079 m²-ko azalera erabilgarria Metal 78 enpresaren esku jartzea instalazio zaharretan ezartzeko. Jarduketa hori instalazioen berrerabilera operatiboaren lehen adibidea izan zen.
Eraisteak eta ingurumen-garbiketa amaitu ondoren, hurrengo fasean urbanizazio pribatuko eta sarbideetako proiektuak izapidetzea aurreikusten da, baita Urola ibaia agerian uzteko eta Kaminperako bidea berrezartzeko lanak ere. Jarduketa horiei esker, industria-jarduera berriak ezartzeko instalazio zaharrak prestatzen jarraitu ahal izango da.